Zer da?

Beldur Barik erakundeen arteko programa da, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak EUDELekin eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin lankidetzan sustatua, eta gazteen artean indarkeria sexista prebenitzera bideratua. Indarkeria matxistaren aurrean hausnarketa, eztabaida eta kontzientzia aktiboa sustatzea du helburu, berdintasunezko gizartea eraikitzeko tresna gisa. Programak bultzatu nahi dituen balioak Beldur Barik jarreran gauzatzen dira.


Deskribatutako helburuak lortzeko, webgune honetan eskuragarri dituzuen hainbat baliabide garatu dira.

beldur-barik-que-es

Beldur Barik programaren sorrera

Programa 2009an sortu zen, EAEko udalek, azaroaren 25eko egunaren harira, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, modu bateratu batean antolatutako kanpaina aurrera eraman zuten. 2006an, BERDINSAREA eratu ondoren, batera egindako lehenbiziko sentsibilizazio kanpaina abiarazi zen, eta ezaugarri eta tamaina desberdinetako 41 udalerrik baino gehiagok eman zioten babesa. Mezu eta irudi bera erakutsi zuten udalerri horiek guztiek, eta Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria osoaren %75 baino gehiago bildu zuten.

Urterik urte, ekimenetan ahalegina egin da indarkeriari buruzko kanpainetan azaltzen diren estereotipoetatik aldendu (indarkeria fisikora mugatuta, emakumeak biktima bilakatzen baitzituzten) eta ikuspegi positibotik heltzeko. Izan ere, beharrezkotzat jotzen da emakumeen jabekuntza eta mutilen inplikazioa bultzatzea.

Urte hartan, lehenbiziko aldiz, gonbidapena egin zitzaien herritarrei, lila koloreko puntuaren sinboloa zintzilikatuta, guztien artean, indarkeria matxistaren aurkako jarrera adierazteko. Kartelak harrera ona izan zuen, bereziki hedabideetan, eta, horren ondorioz, sinbolo hartu zen hurrengo urteetarako.

2007an, 13 eta 18 urte bitarteko neska-mutilei zuzendu zitzaien kanpaina, eta honako lelo hau izan zuen: “Txo! Kontrolatzen? Zure agintea birtuala da, ni benetakoa”. Era horretan, jokabide sexistak, kontrolezkoak eta mendekotasunekoak ezkutatzen zituzten jarrerak atzeman nahi ziren bikotearen esparruan.

Adin tarte horretara zuzendu zen kanpaina, orduan hasten baitira harreman afektiboak eta sexualak; sasoi horretan hasten baitira azaltzen, esplizituki zein sotiltasunez, larderia emateko, manipulatzeko, jazartzeko eta kontrolatzeko jarrerak.

2009an, gazteria izan zen, berriz, kanpainaren helburua. Izan ere, garai hartako azterketen arabera, Euskadin jarri ziren salaketen %42 32 urtetik beherako emakumeek jarriak ziren, eta horri eman nahi zitzaion erantzuna.

Datuek erakusten zuten neska gazteena izan behar zuela lehentasunezko taldea, haiekin lan egin behar zela indarkeria sexistari aurre egiteko. Hala sortu zen ‘Beldur Barik’ kanpaina.

Ikerketa-ekintzaren bidez garatu zen, neska gazteek hartu zuten parte, eta, ondorioz, irudia, edukia eta elkarlanean prestatutako edukiak sortu ziren, kanpainari izena ematen zion kantarekin batera.

Beldur Barik ibilbidea

  • 2010ean izan zen lehiaketaren lehenbiziko edizioa, eta 500 gaztek baino gehiagok hartu zuten parte, ehun proposamen inguru aurkeztuta. Lan horiek guztiak Bilbon egindako jaialdian aurkeztu ziren, eta 200 gazte baino gehiago hurbildu ziren bertara. Horrez gain, arte garaikideko erakusketa bat, eta hainbat hitzaldi eta mahai-inguru egin ziren, artea, Internet, feminismoa eta indarkeria matxistaren aurkako borroka aztergai hartuta.
  • 2011n, berriro egin zen lehiaketa, baina, orduko hartan, lanetan agertzen ziren jarrerak balioetsi nahi ziren gehienbat, kalitate artistikoa baino gehiago. Hortaz, era guztietako euskarriak onartu ziren, ekintzak, ideiak eta proiektuak, eta era guztietako diziplina artistikoak barne hartuta. Urte osoan ikastetxeen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen inplikazioa sustatu zen, eta, ildo horretan, aurkezpenak egin ziren hiru unibertsitate campusetan. Gero, herri-botazioa egin zen, batez ere, ahalik eta jende gehien erakartzeko web orrira, bertan etengabe eskaintzen direlako edukiak, hausnarketak eta eztabaidak, bai indarkeria matxistaren inguruan, bai horri aurre egiteko estrategiak sakonago lantzeko.
  • 2011ko azaroan, Beldur Barik Topaketa ospatu zen Donostian. Bertan, sariak banatzeaz gain (Kursaal Jauregian), eztabaidak, trebakuntza tailerrak eta jolasak egin ziren, Emakumeen Etxean. 2012an, lehiaketak ikus-entzunezko formatua soilik izan zuen. Topaketa Gasteizen egin zen, Artium museoan.
  • 2013an garatutako lana aurreko urteetakoa egonkortzean oinarritu zen, sortutako lan-tresnak eta metodologiak optimizatuta. Udalerriei zuzendutako aholkularitza sendotu zen, bai prozesu lokalak abiatuta, bai aurreko urteetakoak jarraituta. Programaren ardatz eratzaileak mantendu ziren: batetik, lehiaketa eta bestetik, Basauriko Marienean ospatu zen Topaketa.
  • 2014tik aurrera ez da egin funtsezko aldaketarik programaren egituran, baina 2015an hausnarketarako eta eztabaidarako tresna berriak sortu ziren: BB Gunea proiektua, BB birala eta Whatsapp unitatea.
  • 2018ko Beldur Barik edizioan hiru ardatz ezberdinetan oinarrituz (“Sarea josten”, “Txo,kontzientzia piztu eta jarrera berpiztu!” eta “Maiteminduz”) materiala sortu zen irakasleriak ikasleriarekin landu dezan. 2019ko edizioan hiru lan-ardatz berri sortu ziren ("ahalduntze digitala", "Gorputzak positiboan" eta "aisialdiaz berdintasunean gozatuz"), bakoitzarentzako berariazko materialarekin.
  • 2020an, hiru lan-ardatz berri sortu ziren; "Osasun integralaren sustapena", "Feminismoak eta ziberfeminismoak" eta "Mutilak, zer?". Lan-ardatz horiek lehen aldiz, hezkuntza formaleko eta ez-formaleko testuinguruetarako material espezifikoarekin sortu dira, eta gainera, online formatuan gidatzeko aukerarekin, une horretan ezartzen diren urruntze sozialeko neurriak errespetatu ahal izateko. Heziketa- baliabideen laguntza gida bat ere diseinatu da, dinamizatzaileei tresnak emateko.
  • 2021ean lan-ardatz berberei eutsiko zitzaien, baina 2020ko hezkuntza-baliabideetan berrikuntzak eginez. Horrez gain, Beldur Barik jarrera indartzea erabaki zena, hezkuntza ez-formaleko espazioak dinamizatzen dituzten pertsonei eta programaren hartzaileei zuzendutako prestakuntza eta tailerrak online eskainiz.
  • Adin-tartearen murrizketarekin batera aurrez-aurreko lanera bueltatzeko erabakia hartu zen 2022 ko edizioari dagokionez eta horrela mantendu zen baita 2023 edizioan. Aurtengo edizioari dagokionez adin- tartea 12-20 urte bitartean mantenduko dugu. Eta lehiaketaz gain, aurreko aldietan bezala, Topaketa ere antolatuko da, gazteen elkartze eta hausnarketa espazio bat izateko helburuarekin, non gazteentzako tailer desberdinak ere eskainiko diren.