Beldur Barik Jarrera

Beldur Barik ez da bakarrik ikus-entzunezko lehiaketa soil bat, aurkeztutako lanek Beldur Barik jarrera azaldu behar baitute. Hau da, kultura matxistaren zein indarkeria sexistaren adierazpen desberdinak eraldatzeko norbanako zein taldekako konpromisoa islatu behar dute. Beraz, kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, nesken jabekuntzatik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilen matxismoaren aurkako konpromisoa erakusten dutenak.

Adierazpen artistiko mota oro onartuko da, baldin eta ikus-entzunezko formatuan aurkezten bada. Kategoria bakoitzeko 500 euroko lehen sari eta 300 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Horrez gain, 300 euroko herri bozketaren bitartez parte-hartze saria emango da. Baita, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratzeko saria ere, 300 euroko saria jasoko duena.

Epaimahaia honako hauek osatuko dute: proiektua bultzatzen duten instituzioetako ordezkariak; feminismoa, sorkuntza, kultura eta hezkuntza arloekin lotutako pertsonak; eta aurreko urteetako lehiaketako partaideak. Epaimahaiak kategoria bakoitzeko sariak eta ikus-entzunezko ekoizpen onenaren saria aukeratuko ditu, eta herri bozketaren bitartez parte-hartze saria, berriz, Beldur Barik web gunearen bitartez egingo da.

Informazio gehiago: www.beldurbarik.eus