BILUZIK

biluzik

Ez dakit zenbat azal janzten ditugun goizetan. Ematen du biluzik esnatzen garela baina ez da horrela. Esnatzen garenean jada, dutxa azpian gaudenean ere, gure azalaren gainean azal gehiago daramatzagu jantzita. Gogoratzen naiz Miren Gaztañagak horrelako zerbaiten inguruan hitz egiten zuela, oso bere erara, Stereo antzezlanean.

Nik, dutxan nagoenean, nire gorputz biluziari begiratzen diot, eta batzuetan oso argi ikusten dut ze azal ditudan jantzita. Mutila izatearen azala da haietako bat, gaztea izatea beste bat, hemen jaiotakoa izatea beste bat… Eta horrela azal piloa.

Gimnasiako klasearen ostean dutxan gaudenean ere ez gaude biluzik. Mutila izatearen azala jantzita daramagu, ondo itsatsita. Elkarri begiratzen diogu, eta barrutik sortzen dira galderak, nahiz eta inork ez dituen ahoz esaten: besteek potoloa naizela pentsatzen dute? Axola al zaie? Eta jende guztiari gustatzen zaizkion mutil katxarro kirolari horien gorputzek eta nireak… ez dute antza handirik, ezta? Eta hankartekoa? Nirea ez da hain handia, ez da hain ikusgarria, ez zait praken azpian ere hainbeste nabarmentzen…

Aldagelakoa desira kontua da agian. Inork ez du zintzo desiraz hitz egin nahi. Gogorra delako onartzea batzuetan gure gorputza ez dugula desiratzen, edo besteena desiratzen dugula, edo besteen gorputza izan nahiko genukeela. Zertarako nahi dugu bestelako gorputz bat, baina? Arrakastatsuak izateko, “mutiko normalak” izateko. Eta zer da mutiko normala izatea ba? Denen oniritzia izatea, denei aginduak ematen aritzea, inor konturatu gabe gainera. Erdigunean egotea, hitz egiten duzunean denek entzungo zaituztela jakitea. Hori ere gure gorputz normalek egiten dute.

Erabaki dezakegu normaltasun horretatik paso apur bat egitea, zaila izango den arren. Idatzi nahi nizuen blogeko sarreratxo hau esateko ez egiteko kasu kontu horiei, gure gorputzetan bizi garela, eta ez duela inporta norbaitek dioen normalak diren edo ederrak diren edo ez. Garrantzitsuena dela gorputz horiek errespetuz tratatzea eta errespetu hori beste gorputzei ere ematea. Baina badakit oso mezu erraza litzatekeela. Momentuz esango dizuet saiatu behar dugula, gorputz perfektuen abalantxaren aurrean, barrutik lehenengo eta ahal dugunean ozen, esaten: zoazte pikutara.

Guardar

Guardar