Categoría: <span>Berriak</span>

ZALLAKO BELDUR BARIK TOKIKO LEHIAKETA 2020

Hemen da ZALLAKO Beldur Barik Tokiko  Lehiaketa! 12 eta 18 urte bitarteko Zallako gaztea bazara erakutsi zure Beldur Barik Jarrera bideo baten bidez eta animatu lehiaketan parte hartzera!

Irakurri ondo Zallako lehiaketan parte hartzeko oinarriak hemen klik eginez.

 

Nortzuk eta nola parte hartu Zallako lehiaketan

1. kategoria: 2007. eta 2008. urteen artean jaio (2020an 12 edo 13 urte beteko dituztenak) eta Zallan erroldatuta daudenak.

2. kategoria: 2002. eta 2006. urteen artean jaio (2020an 14 urtetik 18ra bitartean beteko dituztenak) eta Zallan erroldatuta daudenak.

 

Zallako Beldur Barik lehiaketara aurkezteko epea

Zallako tokiko lehiaketan lanak aurkezteko epea 2020ko azaroaren 5ean, 23:59an, amaituko da.

 

Zallako Beldur Barik Tokiko Lehiaketako Sariak

1. kategoriako saria, ikus-entzunezko lana zein ikus-entzunezkoa ez dena: 2007. eta 2008. urteen artean jaiotakoak (2020an 12 edo 13 urte beteko dituztenak). Banakako saria bada: sarrera bikoitza Sopuerta Abenturarako. Taldekako saria bada: Sopuerta Abenturarako sarrerak, taldekideak adina.

2. kategoriako saria, ikus-entzunezko lana zein ikus-entzunezkoa ez dena: 2002. eta 2006. urteen artean jaiotakoak (2020an 14 urtetik 18ra bitartean beteko dituztenak). Banakako saria bada: sarrera bikoitza Sopuerta Abenturarako. Taldekako saria bada: Sopuerta Abenturarako sarrerak, taldekideak adina.

 

Zallako epaimahaiaren ebazpena

Udal-epaimahaiaren epaia 2020ko azaroaren 15ean jakinaraziko da. Epaia zuzenean jakinaraziko zaie irabazleei, eta webgunean argitaratuko da:

www.zalla.eus/servicios/igualdad. Halaber, Zallako Udalaren komunikazio-kanalen bidez hedatuko da.

 

Zallako lehiaketaren antolaketa

Egileek aurkezten dituzten lanak Lehiaketa Orokorrerako ezarritako baldintza berberetan lagako dira, eta Zallako Udalaren komunikabideetan argitaratu ahalko dira.

Zallako Udaleko Berdintasun zerbitzuarekin harremanetan jartzeko:

berdintasuna@zalla.eus

 


02/10/20

AURTEN… SARI BANAKETA ETA SINOPSI LEHIAKETA

Koronabirusa dela eta aurten ezin dugu Topaketarik antolatu, aurreko urteetan egiten genuen bezala. Baina Sari-Banaketa berezia antolatuko dugu, streaming bidez jarritu ahal izango duzuena zuzen zuzenean.

Hau da plana: Nerea Arriola aurkezleak irabazleak izendatuko ditu eta euren lanak proiektatuko dira, bitartean Nogen musika taldeak girotuko du banaketa, eta Beatriz González Rojo ilustratzaileak zuzenean marraztuko du photocall handi bat. 

Sari-banaketaren data eta ordua: azaroaren 20an, arratsaldeko 17:00etan. Streaming bidez ikusteko aukera eskainiko dizuegu, gure Youtube kanaletik zehar.

Baina adi, izan ere, aurten Sari-Banaketara Beldur Barik lehiaketaren irabazleak eta Sinopsi-Lehiaketaren irabazleak bakarrik joan ahal izango dira.

Eta zer da SINOPSI LEHIAKETA???

Urte berezi honetan, plus bat gehitu nahi izan diogu Beldur Barik 2020 lehiaketari, eta sare soziletan Sinopsi-lehiaketa aurrera eramango dugu. Izan ere, zuen bideoen gaietan pentsatzen hasi beharko zineten jada… 

Ba al dakizue zertaz hitz egingo duzuen bideoan? Ze gai landuko duzuen? 

Bideoaren argudioa argi baduzu: idatzi zure sinopsia eta parte hartu Sinopsi-Lehiaketan.

Ez baduzu argi: pentsatu, idatzi zure gidoi laburra eta parte hartu Sinopsi-Lehiaketan.

Ez bota ideiarik zakarretara, askotan burura datozkigun lehen burutazioak izaten direlako onenak. 

 

ZER EGIN BEHAR DUZU SINOPSI-LEHIAKETAN PARTE HARTZEKO?

Zure testuak lehiaketan sartzeko izan behar dituen irizpideak:

  • Beldur Barik jarrera erakusten duen testu bat izan behar da, hau da, kultura matxista eta indarkeria sexistaren adierazpenak eraldatzeko konpromiso pertsonal zein kolektiboa erakutsi behar du istorioak. Alegia, neska eta mutilek ezberdintasun egoerei nola egiten diegun aurre erakustsi behar duzu. 
  • Erakargarria eta ulergarria izatea.
  • Istorioan argi eta garbi garatzea indarkeria sexistari aurre egiteko modua.
  • Gehienez 200 hitz izan behar ditu sinopsiak.
  • Bidali zure testua komuniazioa@beldurbarik.eus  helbidera, «Sinopsi lehiaketa» edo «Concurso de sinopsis» gaiarekin.
  • Testua bidaltzeko epe-muga urriaren 1etik 22ra.

Urriaren 27an argitaratuko dugu irabazlearen izena gure sare sozialetan.

Saria: azaroaren 20an Donostian egingo den Sari-Banaketarako bi sarrera eta Nogen taldearen bi disko sinatuak.

Eta gogoratu garrantzitsuena BELDUR BARIK JARRERA erakustea dela.


13/10/20

ERAKUSKETAK. AÑANAKO GAZTEAK ETA BERDINTASUNA. AÑANAKO KUADRILLA. ARABA

15/09/20

«Egidazu sandwich bat»

Gamer batek idatzitako testua

Jokuen kulturan, inoiz diskriminazio-ekintzarik jasan edo ikusi ez duenak, online eta ezezagunekin jolastu ez duelako da. Online bideojokoena aparteko mundua da, legerik gabeko unibertso bat.

Batez ere talde-joko lehiakorretan, hala nola, CS:Go, Overwatch, Valorant edo League of Legends, batzuk aipatzearren. Erabiltzaile batzuk benetan toxikoak dira, imjina ezina da. Emakumea izanda ahots-txata erabiltzea probokazio bat dela dirudi: «Itzuli sukaldera», «Egidazu sandwich bat», «Baduzu senargairik?» Edo zuzenean «putak», «Isildu hadi, guarra», era guztietako sexu-intsinuazioak… Inor harritzen ez duten irainak dira.

Jolas horietako batean izan nuen azken esperientzian, ez nuen hitz egin beharrik ere izan. Lagun batekin jolasten nengoen, beste hiru talderen konra. Dena ondo zihoan haietako batek nire erabiltzaile-izenari erreparatu zion arte: «Badakit neska zarela», dena esanda zegoen. Komentario matxistak egiten hasi ziren, baina batek badu esperientzia halako iruzkinen aurrean. Asertiboa izaten saiatu nintzen, eta ez entzuna egin nuen, «mutilak, goazen jolastera». Ez zeuden gogoz, eta hurrengo fasera pasa behar izan nuen: erabiltzaileak isiltzera.

Oraindik ikus nitzakeen beraien pertsonaiak nire pantailara sartzen eta keinuka, baina benetan larritu nintzen nire lagunak haien kontra gogor egin zuenean. Ez dut inoiz ikusi haserre, ez dut jakin nahi zer nolako komentarioak egin zituen nik entzuten ez nuen bitartean. Hiru pertsona horien erantzuna? «SIMP».

Simp modako memea da, emakume bat defendatu eta trukean onura sexualak lortzen dituen gizon otzan eta leloari esaten zaio. Emakume bat online defendatzera ausartzen den edozein gizoni izen ona kentzeko aitzakia da.

Horrelako jokoek zigortu egiten zaituzte partida amaitu aurretik taldea uzten baduzu, eta hori irabazi edo galtzeko baldintzatzaile izan daiteke kasu batzuetan. Nire lagunari ere isiltzeko eta jolasten jarraitzeko eskatu nion, beraz. Jakina, honek ezin zuen hor amaitu. Entzuten ez geniela konturatu zirenean, «Body-blocka»  egiten hasi ziren, beren pertsonaiak nirearen inguruan jarriz txanda bakoitzean, ni ez mugitzen uzteko. Nik ezin nuela jokatzen jarraitu erabaki zuten. Partida galdu genuen, baina hori gutxienekoa izan zen. Jokatzeko gogoa ere galdu genuen, beraz, haiek irabazi zuten.

Sare sozialetan bezala, pertsona horiek anonimotasunean eta momentuko iheskortasunean oinarritzen dira, toxikoak eta matxistak dira, «trollatzen ari dira». Eta ez dago aitzakiarik.

Autodefentsa_femini

Beti aurkituko duzu jarrera horiek defendatzen dituen norbait: «Gizonak ere zirikatzen dituzte», besobakar, gaizto, jolasten ez dakitela esaten diete. Dena den, komentario hauetan eta besteetan ezberdintasunik ikusten ez baduzu, arazoaren parte zara.

Eta, jakina, badago biktimari errua botatzen dionik ere: «Baina nola bururatzen zaizu modu irekian hitz egitea? Badakizu zer gertatuko den! «,» abatarra eta nick-a aldatu beharko zenituzke, neska zarela igartzen baita «. Horrela ez gaituzte babesten, ikusezin bihurtzen gaituzte.

Emakume gisa izan dudan esperientzietako bat besterik ez da hau, baina denetarik ikusi dut. Emakumeen, transexualen, homosexualen, hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonen eta haurren aurka. Diskriminazioa eta indarkeria matxista gai-zerrendan dago online munduan ere.

Defenda zaitezke. Zure aliatuak isiltzeko eta erabiltzailea salatzeko botoiak daude. Lagun artean jokatzen baduzu, anima zaitezte ere salatzera. Eta baliabideak baldin badituzu, grabatu erasoak, erakutsi sare sozialetan, etiketatu jokoa eta konpainia arduraduna. Asko dira, eta gero eta gehiago, jarrera horiengatik etengabe baneatutako erabiltzaileen kasuak. Baina ez dira nahikoak gure helburua bete arte: toxikoak eta matxistak ez diren eta diskriminaziorik ez duten komunitateak lortzea.

GAI HONETAN SAKONTZEKO

Valorant ya tiene un gran problema de sexismo y Riot Games busca cómo solucionarlo

Quién era Maria «Remilia» Creveling de League of Legends

La homofobia, el machismo y la misoginia: una lacra para los esports y los videojuegos

A fregar


20/08/20

AUTODEFENTSA FEMINISTA: BELDURREI AURRE EGITEKO LANABES KOLEKTIBOA

EMAGINek idatzitako testua

Gaua. Beldurra. Kalea. Bakarrik. Beldurra. Ezezaguna. Beldurra. Horixe da indarkeria matxistaren inguruan askok dugun iruditeria. Horrenbestez, Beldur Barik programak izenburu hori izatea ez da kasualitatea. Urteak darama Euskal Herriko Mugimendu Feminista esaten neska* eta emakume* gisa izendatu eta sozializatu garenok beldurrean heziak izan garela. Beldurrak emakumeon gorputzak eta bizitzak kontrolatzeko eta menperatzeko balio du. Hau da, txiki txikitatik harreman sozialetan zein espazio publikoaren erabileran kontuz ibiltzeko eskatzen zaigu, eta horrek gure buruak momentuoro babestu behar ditugula pentsatzera garamatza. Ondorioz, gure mugimenduak mugatzen ditugu, oztopoak antzematen ditugu bizitza sozialean parte hartzeko, beste pertsonekiko dependentzia harremanak garatzen ditugu, ez dugu geure buruengan konfiantzarik, ezezagunekiko mesfidantza dugu, erru sentimendu etengabea dugu gertakari desatsegin baten aurrean eta gure bizi esperientziari ez diogu zilegitasun nahikorik ematen. Ahulak garela eta arrisku etengabean gaudela sinesten dugu, eta gure inguruan ditugun instituzio, komunikabide zein inguru sozialek beste norbaiten babesa behar dugula adierazten digute. 

Ez zaigu ezetz esaten irakatsi.

Gertatu al zaizu inoiz norbaitekin gustura eta goxo-goxo egon, ligatzen, baina une batean, gehiago jarraitu nahi ez izan eta errudun sentitzea, ez oheratzeagatik? Eginez gero, noren desioa gailentzen da? Noren nahia bortxatu? Ezetz esatea, bestearen beharrak ez asetzea eta adeitsua ez izatea da, irentsi ditugun feminitatearen arauen kontra doa, baina emakumeok gure beharrak ditugu, gure nahiak eta gure eskubideak. Eta horiek defendatzen ikastea da Autodefentsa Feminista. 

Bakarrik ezin dut, lagunekin bai!

Argi dago: Autodefentsa feminista eta ahalduntze prozesuak ezinbestean kolektiboak behar dute izan. Beste emakumeen bizipenak entzuteak ispilu egiten dio norberari eta gertatzen zaigun hori ulertzeko eta izendatzeko balio izan digu. Ez gaude ero, ez  histerika, ez da gure errua, ez da naturala eta ez dugu zertan normalizatu behar. 

Sistema patriarkalak neskon arteko lehiakortasuna bilatzen du. Kritikatu izan dugu ondokoa bere janzkerarengatik, makillatuegia joateagatik edo lizuna izateagatik. Autodefentsa feministak hori guztia deseraikitzeko begirada ere ematen digu. Ez gara aske izango emakumeon arteko ahizpatasunik eta elkartasun-sarerik gabe. Elkarrekin indartsuagoak gara, armatu gaitezen feminismoz eta ekin diezaiogun autodefentsa feministari! 

Beldurrak gurekin jai! 

Autodefentsa feminista

Artikulu osoa irakurtzeko: Autodefentsa feminista


11/08/20

BELDUR BARIK UDA 2020

Iepa, gazteak!

Aurtengo uda berezi honetan eraso sexisten kontrako ekintzak aurrera eraman nahi ditugu, topera, aske bizi eta sentitzea merezi dugulako.

Jakin badakigu lan hau guztiona dela, gure egunerokotasunean indarkeria sexista oraindik gogor jotzen duela eta eraso sexistak prebenitzea herritarren kezka da, oro har, eta, jakina, baita gazteon erantzukizuna ere. Erasoak prebenitzea, antzematea  eta aurre egitea guztion esku dago..

Horregatik, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarrerak sustatzeko, udalen eskura jarri dugu  Beldur Barik Uda 2020 sentsibilizazio-kanpainako kartela, Udal bakoitzaren logoarekin pertsonalizatu daitekeena.

Eraso sexistarik gabeko uda | Un verano libre de agresiones sexistas

Aurten Eraso Sexisten Kontrako Gida berritu dugu, eta hementxe duzue online begirada bat botatzeko: Eraso Sexistarik gabeko Egunak eta Gauak.

Gida pedagogikoa. Eraso sexista gabeko egunak eta gauak

 

#BeldurBarikChallenge bat antolatu dugu ere sareei su emateko! Nahiz eta aurten herri askotan jaiak ospatu ez, kalera irten eta ondo pasatzen jarraitu nahi dugu. Beti Beldur Barik jarrerarekin! Horregatik, Kai Nakai artistak #BeldurBarikJarrera duen dantza sortu du ‘Kolpe’ kantuarekin. 

Zer egin behar duzue?
Kai Nakairen pauso hauek dantzatzen grabatu behar duzute zuen burua, bakarrik edo taldean.  Ostean, zuen sare sozialetara igo behar duzute #BeldurBarikChallenge hashtag-a erabiliz.
Gure Instagram eta Tiktok sareetan aurkituko duzue koreografia osoa. 

Mugitu gorputza Beldur Barik Jarrerarekin!

Beldur Barik Challenge.Actitud Beldur Barik bailando | Beldur Barik Challenge. Beldur Barik Jarrera dantzan


28/07/20

“HILEKOAK MIN EMATEN DIT”

Mina, deserosotasuna, mina, usaina, mina, ondoeza, deserosotasuna, mina, «buffff-a», mina…

Horiexek izan dira 30 urtetik beherako hogei bat neskari burura etorri zaizkien lehen hitzak, hilekoa entzutean. Beno, «zikloren» bat eta «ilargiren» bat ere aipatu dira (itxaropena badagoela dirudi).

Ez al da bitxia hilekoa dugun pertsonok hilero behin, gutxi gorabehera, hainbeste gogaitzen gaituen gertaera fisiko hau izatea, eta hain lasai egotea?

Ei! hilean behin hileko aaaaaasko dira gure bizitzan zehar (450 inguru).

Nolatan ez gara ari zerua eta lurra mugitzen horri irtenbidea bilatzeko????

Ba, ibuprofenoak hartu eta ez dugu oso ozen hitz egiten, ez gara kexatiegiak izango. Ez da ahultasuna erakusteko momentua. Egokitu zaiguna da, eta kitto. Guztiarekin Aurrera egin dezakegu. Show must go on.

Gainera, horretaz ez da hitz egiten. Ez behintzat naturaltasun handiz. Tanpoi eta konpresen lau iragarkik, benetako esperientzietatik abiatu beharrean, hodei eta likido urdinezko mundu bat saltzen digute, eta usainik ez hartzea eta ia ez nabaritzea lor dezakegula espero dugu. Ez ikusiarena egin.

Eta horrela, komunera joateko poltsatik ateratzen dugun konpresa asko ikus ez dadin ahalegintzen gara, kontu handiz ibiltzen gara galtzak ez zikintzeko, eta hobe dugu etxean geratzea hilekoa jaisten zaigun egun horretan, «bola zomorroa» bagina, ez gaitezen koadrilanfestaren tristura izan.

Eta, jakina, barre egiten jarraitzen dute lagun arteab baten batek esaten duenean: «joe, aizu, badirudi hilekoa duzula». “Hori nesken kontua da”.

Ba, begira, esaldi hauek guztiak patriarkatuaren gauzak dira.

Gizarte honetan oraindik ere, emakumeon gorputzekin zerikusia daukan guztia ikusezin edo negatibotzat hartzen da, eta emakumeok gaizki badaramagu asuntoa, gure arazoa dela sinestarazten digute.

Ba aizu, ba al dakizu zer?

EZ, EZ DA NORMALA MIN EMATEA ETA HAINBESTE MOLESTATZEA.

EZ DA NORMALA GURE GORPUTZEI BURUZ HAIN GUTXI JAKITEA.

EZ DA NORMALA HILEKOA EXISTITUKO EZ BALITZ BEZALA EGITEA.

Zer iruditzen zaizu horri buelta bat ematen saiatzen bagara? Elkarrekin, noski. Hona hemen hiru gako:

1. EZ DA HILEROKOA, ZIKLO BAT DA.

Batzuek esaten zuten bezala, hilerokoak, ilargiak bezalaxe, «zikloekin» zerikusia du.

Ez dugu soilik X egunetik behin odolusten (psssss ez dira beti 28 egun izaten!), baizik eta hainbat fasetatik igarotzen gara: hilekoa, aurreobulazioa, obulazioa eta hilero-aurrekoa.

Pixka bat gehiago jakiteko:

La Regla, la píldora y otras cosas que no nos han contado. Psico Woman con Enriqueta Barranco.

Espacio de desaprendizaje. Iratxe Gil. Psicóloga, sexóloga y educadora menstrual.

Menstruar consciente. ¿Qué aporta conocerse? Pikara Magazine.

Las reglas sagradas. Psico Woman | VERNE.

Gai honetan sakontzeko:

Ikusi ‘Monthlies’ Diana Fabianovaren dokumentala, 2016 (nerabeentzako)

Ikusi “La luna en ti”, Diana Fabianovaren dokumentala (2010)

Erika Irusta, hilekoaren pedagogoa:

2. KOPA EZAGUTZEN AL DUZU?

Hilekoarentzako kopa edo baginakoa deritzona, konpresak eta tanpoiak baino aukera osasungarriagoa, ekologikoagoa eta merkeagoa da.

Gainera, gure gorputzarekin kontaktuago egoteko tresna bat ere bada: ikusi, usaindu, ukitu dezakezu.

Pixka bat gehiago jakiteko: La copa menstrual | Psico Woman.

 3. AUKERATZEKO INFORMAZIOA. AHALDUNTZEKO AUKERATZEA!!!

Hitz egin dezagun hilekoari buruz, partekatu ditzagun esperientziak eta informazioa.

Nire hilekoa, gure gorputzarekin kontaktuan.


16/12/20

EKAINAK 28

Emakume feminista gazte baten bizipenak eta harrotasuna

16 urte ditut, eta Maialeni, nire lagun onenari, kontatu diot azken aldian Oihanek urduri jartzen nauela, Historiako klasean pixka bat aurrerago esertzen den neskak. Baina urduritasun ona, hau da, gustatzen zaidala. Begiratzen diodanean oso politta iruditzen zait eta esaten duen guztia oso interesgarria da, emakume argia da; baina «zer esan nahi du urduritasun honek? Oihanek erakartzen nau edo emakumeek erakartzen naute?”, galdetzen diot nire lagunari eta berak erantzuten dit: «Zer axola du horrek?”. Niri gehiago kostatu zitzaidan gogoeta horretara iristea.

Urteak joan eta urteak etorri, nire sexu-orientazio heterosexualarekin jarraitzen dut, bi urte daramatzat nire mutil-lagunarekin harremanetan, eta momentuz, ez nau emakume batek erakarri Oihanek egiten zuen bezala. Bapatean, unibertsitateko autobusean berriro ikusten dut, eta hara! Asko gustatzen zaidala berresten dut. «Zer gertatzen da hemen?» galdetzen diot neure buruari berriro.

Donostiatik Bilbora egiten dut salto, eta nolako salto ederra gainera! Imajinatzen ez ditudan aukerak agertzen zaizkit begi aurrean. Emakume feministak ezagutzen ditut, emakume lesbianak, identitate ez-binarioa duten pertsonak, eta aurretik planteatu ere ez ditudan aukera amaigabeak agertzen zaizkit. Jakina, nire institutuan ia denak heterosexualak ziren (edo hori uste nuen nik behintzat) eta ordura arte ez nuen nire orientazioa planteatzeko aukerarik izan. Gerora heteronormatibitatea zer den ikasi dut.
Bilbon nagoela, izateko, sentitzeko eta bizitzeko modu gehiago badaudela konturatzen naizenean, aukera berriak bizi nahi ditut, eta lesbianen lehen gaualdi poetikora apuntatzen naiz. Bertan, neska batek sakon begiratzen nau eta tonu bereziarekin garagardo batera gonbidatzen nau. Niri hankak dardarka jartzen zaizkit. Atzera begiratuz, LGBTIQ+ kolektiboan murgildu nintzenetik gogoratzen dudan unerik gozoenetako bat da momentu hura.

Gaur, 2020ko ekainaren 28an, Harrotasunaren aldeko manifestaziora noa Bilbon. Bost urte daramatzat harreman sexual-afektiboak izaten emakumeekin, eta 4 dira gaurko egun honetan harrotasun amaigabearekin bizi ditudan manifestazioak. 

Baina gaur galduta nago berriro. Oso lesbiana nintzen, bollera, zin dagizuet, eta ez nuen imajinatzen gizonekin harremanak berriro izango nituenik. Baina gizon batekin maitemindu berri naiz, beraz, armairutik irten eta berriz ere arazoren bat edo beste sentitzen dudan arren, oso ZORIONTSU naiz. Pozik nago aske sentitzen naizelako, nere buruari edozein pertsonarekin maitemintzen uzten diodalako, edozein sexu-generotakoa izanda ere.

Gaur manifestaziora libre noa, aske sentituz, urte osorako maitasuna ematen didaten lagun taldearekin. Heterolesbianabisexualpansexual, ez dakit zer naizen.  Eta nori axola zaio? Y A QUIÉN LE IMPORTA (lo que yo haga, laralalala…).

GORA HARROTASUNAREN EGUNA!

LGTBIQ+ gaia jorratzen duten erreferentziak:

Abestia: Izan zu zeu. La Basu.

Azalpen-bideoa: ¿Qué es la bisexualidad? ¿pan-bi…? Reflexiones sobre Bifobia y + por Psico Woman y Elisa Coll.

Liburua: ¿Por qué ser feliz cuando puedo ser normal? Jeanette Winterson-ek idatzia.

Filma: CAROL, Todd Haynes-ek zuzendua.

Antzezlana: Elisa y Marcela.

Persona envuelta en la bandera LGTBIQ


30/06/20