GAUR, IRAILAK 12, BELDUR BARIK 2014 MARTXAN JARTZEN DA!

Gaur , irailak 12, 2014ko Beldur Barik lehiaketa irekitzen dugu. Eta horrekin batera, irudi eta web berria estreinatzen dugu. Ikusi gure spot berria, BB TV-an!  Iazko urteetako parte-hartzaileak ageri dira, beraien Beldur Barik Jarrera adieraziz.

Zer aurkituko duzue web-gunean?

Lehiaketari buruzko informazio osoa aurkituko duzue eskumako “Beldur Barik Lehiaketa” bannerra jartzen duen lekuan: lehiaketaren oinarriak azaltzen dituen dokumentua eta bertan izena emateko formularioa. Aurkeztutako lanak menuko “Lehiaketa” atalean jarriko ditugu “Herria-saria” bozkaketan parte ahal izan dezazuen.

Urtero-urtero, Beldur Barik Topaketak antolatzen ditugu. Topaketa horietan lehiaketako irabazleak ezagutuko ditugu eta sari-banaketa ospatuko da. Baina, horretaz gain, ekintza interesgarri ugari antolatzen ditugu: ikuskizunak, tailerrak… Bertara erraztasun guztiekin joan ahal izateko, autobusak izango dituzue dohainik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik. Topaketen programazioaren zein autobusen  informazio osoa(ordutegia, geltkokiak eta abar) azaroan zehar erraztuko dugu menuko“Topaketa” atalean.

Horretaz guztiaz gain, beldurbarik web-gune honetan indarkeria sexistari aurre egiteko hainbat baliabide aurkituko dituzue.

Batetik, hilero-hilero gai zehatz bat lantzen dugu indarkeria sexistaren aurka  erreferente jotzen ditugun pertsonak, ekimenak zein hausnarketak ezagutzera emateko. “Gaiak” atalean klikatuta, horietarako sarbidea izango duzu. Irakurri gure post-ak eta eman zure iritzia!  Gainera, kale-ekimen ugari ere antolatu eta baliabideak sortu ditugu hausnarketetan eta eztabaidetan laguntzeko. Sartu “ekimenak” atalean eta informatu zaitez!

Bestetik, Beldur Barik ekintza eta lehiaketak antolatzen dira udalerrietan, udaletako berdintasun arloek , gazteria arloekin elkarlanean. Sartu Zure Herria! atalean eta informatu zaitez!

Eta bukatzeko, “Parte-hartu” atala kultura matxistaren eta indarkeria sexistaren aurka mobilizatzeko espazioa duzue. Gurekin zuen kezkak, ideiak edota ekimenak elkarbanatzeko. Agenda zein talde feministak ezagutzeko.

Ostegunero, lehiaketaren ingurko informazio gehiago emango dizuegu: sariak, epai-mahaia… Sartu gure web-gunera eta ez galdu gure postk-ak!