LAINO GUZTIEN AZPITIK, SASI GUZTIEN GAINETIK

Jaiak eta ohiturak: aldaezinak?
Jaiak eta ohiturak: aldaezinak?

Atzo San Juan bezpera izan zen, usadioz eta kontu ugariz betetako eguna. Egun magikoa. Gure herrietako jai eta ospakizunak ohiturezjosiak daude, askotan zalantzan ere jartzen ez ditugunak: nondik datoz, zer esan nahi dute, nortzuk dira protagonistak? Zeren eta, jaiak baztertzaileak izan ohi dira. Mutil izateko modu batek dauka ahotsa, lekua, zentralitatea. Horrela erakusten digu 2013ko Beldur Barik lehiaketara aurkeztutako ikus-entzunezko honek. Genero arauek maskulinitateari ematen dioten boterearekin hausten dugunean, erasoak ohikoak dira. Eta heteroaraua hausten dugunean, oraindik ere, are gehiago.

Jaietan agresio homofoboak ere ugariak izaten dira. Eta, horrela gogorazten zigun Mikel Ayerbek 2012an uztarria.com-en idatzi zuen post-ean. Berak bizi izandako bi gertaerak kontatu nahi zituen salatzeko  jai giroan edota ohiko eguneroko bizitzan gure inguruan ohikoak izaten diren ‘mikro-homofobia’ ekintzak eta erasoak : “Gertaturikoa lagunei kontatzeko orduan, behin baino gehiagotan nik ere zalantza egin dut eraso hitza erabili edo ez, eraso hitza bortitzegia bailitzan. (…) Eraso hitza ekintza eufemismoarekin estaltzeak hori bera adierazten baitu, sarritan erasoak jasandakoan ere ez dugula nahi izaten kontuari hainbesteko garrantzia ematerik. (…)‘ Mikro-homofobia’ terminoa ‘mikro-matxismo’ terminoaren aldaera gisa erabili asmo dut, hain zuzen, emakumeek sarritan jasaten dituzten ekintza eta eraso matxista txiki baina errepikatuak izendatzeko terminoaren baliokide gisa. Jakina baita emakumeek maiz jasan behar izaten dituztela gertakizun, irain eta ekintza matxistak, sarritan oharkabean bada ere, eta, gainera, esan bezala, zenbaitentzako gertaerok “ez dira hainbesterako izaten”.

Zergatik eraso guzti hauek? Zergatik batzuen desfaseak dauka hainbesteko kabida jaietan? Ordua da jaien inguruan orokortuta dagoen kontzeptuarekin hausteko. Batzuen jaiak izatetik denon jaiak izateko. Gure sexualitatea nahi dugun bezala, nahi dugunarekin eta nahi dugun beste gozatu ahal izateko, erasoen beldurrik gabe. Gutxi batzuen tradizioekin hautsi, beste guztiak sartu ahal izateko. Normalitatearekin, betikoarekin hautsi behar dugu, nola edo hala, indarkeria justifikatu egiten dutelako.

Iturria: Zeatikezpa.org-tik hartutako bideoa

 

Laino guztien azpitik, sasi guztien gainetik… Hautsi dezagun genero eta heteroarauarekin, gure tabernatan eta plazetan!

Eta ospa dezagun Ekainak 28a, gay, lesbiana eta transexualen harrotasun eguna: sexu-aniztasuna eta identitate ezberdinen existentzia aldarrikatzeko eguna. Horretarako, hainbat ekintza antolatu dira gure hiriburu eta herrietan. Parte-hartu!!