PUNTU ITSUAK


Uda eta jaiak estreinatu berritan, gertatu dira, jada, gurean ere, hainbat sexu eraso eta gehiegikeria:
Hernanin, Arrasaten edota Txantrean, kasu. Eta horien aurrean, sexu gehiegikeria horiek ekidin asmoz, ohikoak izaten dira neskoi igorritako betiko mezu eta gomendioak: ez joateko bakarrik, ordu-txikitan ez ibiltzeko… Emakumeak biktima ez izateko gomendioak.

Baina, zergatik ez alderantziz? Nortzuek dute arazoa? Emakumeek edo erasoak burutzen dituztenek? Zergatik ez, sexu-erasotzaile ez izateko gomendio eta mezuak? Zergatik ez, sexu-erasoak nola ez burutu gomendatzen dituzten mezuak? Badirudi, gure egunerokoan parekidetasunerako nolabaiteko diskurtso bat dugula, pakto bat ezarrita, zeina “politikoki egokia” den plano batetan errespetatzen dugun. Baina badaudela testuinguru batzuk, non ulertzen den pakto horiek albo batera utz daitezkeela, badagoela “benetako zena” ateratzeko askatasuna edo permisibitatea. Beraz, esan genezake gure kontzientziatan badaudela zenbait “puntu itsu”.

Beraz, ezinbesteko dugu jaietako “puntu itsu” horiek azaleratzen lagunduko dizkiguten mezuak. Esatea, posible direla beste era batzuetako jaiak.  Ezbaian jarri behar ditugu, naturalizatuta ditugun jokaera horiek. Ezinbesteko ditugu sexu-erasoei Beldur Barik aurre egiten dioten ekimenak. Honen harira, hainbat herrietako jaietan, neska-mutilek, emakume-gizonek, eraso sexisten aurreko beraien gaitzespena adierazteko ekimenetan hartu dute parte..

Irunen, esaterako “Eraso sexisten aurrean, atera zure bibotea!” ekimena atera dute. Ekimenaren xedea da “…festetan sortzen diren indarkeriazko espazio inpuneak borrokatzea, barrearekin eta ironiarekin (…)barre egiten diogu emakumeak jaietan gozatu ezin dugula pentsatzen duenari, barre egiten diogu matxistari, arrazistari, homofoboari”. Horretarako, besteak beste, photocall antzeko bat antolatu dute jendeak bibotea jarrita argazkia atera eta eraso sexisten aurka daudela adierazteko.

 San Ferminetan ohikoak diren sexu-erasoen inpunitatearekin apurtzko Gora Iruñea herri-plataformak eta Eraso Sexisten aurkako Emakumeen Plataformak, elkarlanean, #zeroeraso  ekimena antolatu dute. Ekimen horretan, elkarte desberdinek hartu dute parte, eraso sexisten aurreko beraien jarrera aktiboa erakusteko. Eta horretaz gain, autodefentsa feministarako hainbat ikastaro antolatu dituzte  “…erasotzen gaituen orori aurre egiteko Autodefentsa Feministarekin. Preparatu egingo gara, gure arteko sareak ehunduko ditugu, elkartuta indartsuagoak garelako”

 

Eta zuen herrietan, antolatu al dituzue sexu-erasoen  inpunitatearekin, puntu itsuekin, hausteko ekimenik? Elkarbanatu gurekin! Elkarbanatu Beldur Barik Jarrera!!