Normatibotasun itogarria
Agian ez dakit ziurtasunez zein den nire nortasuna, baina badakit bizi nahi dudan munduan ez dudala aguantatu nahi gazte batzuk nitaz barre egitea beraien irizpideetara egokitzen ez naizelako eta badakit bizi nahi dudan munduan erabaki nahi dudala nola jantzi, nola desiratu nola binkulatu eta nola bizi nahi dudan.
Entrenamendutik bueltan noa metroan, lasai asko irakurtzen. Burua altxatzen dut ze geltokitan noan ikusteko eta nerabe talde bat ikusten dut niri burlaz begira. Irakurtzeari ekiten diot garrantzia kendu nahian, baina gutxira niri zuzenduriko komentario batzuk entzuten ditut. Berriz begirada igo eta barrezka daudela ikusten dut. Beraietako batek ondorengo txantxa egiten du: “Usain txarra dago, bollo usaina “. Pentsakor geratzen naiz segundo batzuez, begiak liburuan giltzatuta baina irakurri gabe. Ezin dut sinetsi nitaz barrezka dabilenik. Erantzun edo ez zalantzatzen dut. Beraiek guztira bost dira, hiru mutil eta bi neska, eta ez dago beste inor bagoian. Denbora aurrera doan eta erantzunik eman gabe jarraitzen dut. Odola irakiten daukat. Baina momentua pasa da, bi neskak Núñez de Balboan jaisten dira. Saiatzen naiz irakurtzen jarraitzen, baina ezin naiz kontzentratu jada. Azkenean, haserre bizitan, nire geralekuan jaitsi naiz.
Nire buruari zin egin nion ez nuela mota honetako jazarpenik onartuko. Baina, beti bezala, ez nuen espero. Edo agian, arrisku egoeren aurreko biziraupen modu bat da. Hori komentatu zidan lagun batek, matxirulo batek erlazioak izatea eskaini zidanean soilik toplees egiten egotearren hondartza batean. Nire erantzuna egoera horretan irribarre batez lagundua izan zen. Haserretu egin nintzen bortxatzen ari zitzaidan pertsona bati irriz erantzuteagatik. Eta metroan berriz haserretu nintzen nire buruarekin nire genero adierazpenak barregura asko ematen dien aberaskumez osaturiko umemoko talde bati erantzuteko gai ez izateagatik.
Badakit horrelako egoerengatik ez naizela errurik bota behar. Kulparen idea bera kristautasunetik datorrela eta horrelako adierazpen matxista zein homofoboak bizi garen gizarte zi heteropatriarkalean propio direla. Baina pertsona guzti horiei ahoa itxi nahiko nien. Momentu horretan zer esan jakitea sistemak inposaturiko beldur eta kaka guztiak alboratuz. Gizarte neoliberal, zi heteropatriarkal, klasista, arrazista…batean bizitzeak dakarren kartzela sentsazioaz askatzea.
Gazteekin metroan izandako topaketak onartu nahi nukeena baino gehiago mugitzen dit. Beraiek, bestetzat hartzen duten pertsona orori erasotzean oinarritutako beraien identitateei helduta. Eta ni, behin eta berriz nire identitatea planteatzen, hau egitera legitimatuta ez nagoela sentitzen eta sisteman kaka egiten badakidalako zamatzen ditudan gauza asko bertatik datozkidala.
Nia eraikuntza sozial bat dela jakitetik at, gizartea kartzela bezala bizitzen jarraitzen dut, bertan ahokatzen dudala sentitu gabe jarraitzen dut.
Baina identitatea beti da eraikia eta gizakiak izaki sozial bat izaten jarraitzen du, beraz, zer geratzen da gutaz gizartearen, familiaren eta esperientzien pisua kenduz gero? Ez al da nortasuna maskara bat non hau kentzean, hutsunearekin bat egiten dugun? Nia eraikuntza sozial bat dela jakiteaz gain, gizartea kartzela bezala bizitzen jarraitzen dut, bertan ahokatzen dudala sentitu gabe jarraitzen dut. Gizarte honek eraiki baldin banau. Zergatik ez dut enkaxatzen? Maskarak/pertsonak gizarte honetako botere harremanen islada baldin badira, zer gertatzen da beronen kategorietan sartzen ez garelako bazter batean geratzen garenokin?
Honek, behinola irakurri nuen “Vidas no binarias”-eko atal bat gogorarazten dit: “Pertsona bat bera bakarrik basoan baldin badago, akaso, generorik ba ote du? (Mina Tolu). Esaldi hau irakurri nuenean oroitu nuen txikitatik basora joatea nuela gustuko eta bakarrik joatea gustuko nuela askatasunerako gune bat zelako, araurik eta estereotiporik gabeko gune bat. Generoa zer den jakin nahi izango nuke eta aniztasunerako dagoen aukera, izan ere, umea nintzenean ez zen pertsona transen inguruan hitz egiten eta are gutxiago ez bitar tasunaz. Nik ez neukan erreferenterik, edo behintzat, ez asko. Hala ere, Los cincos de Enid Bylton -eko Georgeren figura asko eskertzen dut, identifikatu ahal nintzen pertsonaia gutxietako bat izan zelako.
Txikitan mutila izan nahi nuen. Ahal nuen guztietan paper maskulinoa eskatzen nuen eta izenez maiztasunez aldatzen nuen. Nire gurasoek liskartu besterik ez ninduten egiten. Batez ere, nire aitaren bronka bat oroitzen dut, ez dakit zeren harira, baina nire hanka tartean zer neukan behatzen nuela esan zidanean, zer neukan ikusteko. Beste lagun batekin hitz egiterakoan, jada heldu izanik, ohartu nintzen hark eragindako biolentziaz. Suposatzen dut, txikitan, ez garela ohartzean gainean jartzen dizkiguten samez.
Orain ez naiz genero maskulinoarekin identifikatzen. Ziurrenik ez zaidalako posible egiten nigan presio bat ezarri duen talde batekin identifikatzea. Emakume izatearekin ere ez naiz guztiz identifikatzen, inoiz egia esan. Baina bai emakumeok gizarte patriarkalean bizi dugun biolentziez. Nahiz eta biolentzia honek sistemaren baitan enkaxatzen ez duen pertsona ororen gainean berrerori, ez soilik emakumeak.
Ez baldin banu bizi izan sistemak berak emakumeenganako daukan bazterkeria bera, ez dakit nire identitatea berdina izango litzatekeen. Baina ez baldin banitu bazterkeria eta biolentzia horiek bizituko, berdin da psikologiko, emozional edo fisikoak, generoak inporta izango luke? Batzuetan etiketa bat besterik ez dela pentsatzen dut, etiketa bat, ikusteko nor geratzen den normatiboaren barruan eta nor kanpoan. Inork betetzen ez duen baina gehiengo batek antzezten duen idealizaturiko etiketa bat. Baina nola konplitu daiteke botere sistema batek sorturiko ideia edo abstrakzio batekin? Zer da emakume edo gizon izatea, sistemaren beraren klitxe propioez gain?
Identitatea eraiki egiten da. Batzuetan gure aukerekin, besteetan, besteen aukerekin, baina batez ere, estruktura sozialaren presioarekin, elkar ulertzeko erabiltzen ditugun eta normalizatzen gaituzten kategoriekin
Egongo dira honen atzean biologia, hormonak, genitalak (aitak txikitan esan zidan legez), gorputza daudela diotenak. Baina gorputza ere eraikia da eta biologia ez da eman dezakeen bezain zurrun ezta erabakigarria. Ez sexua ezta generoa ez dira gauza bera ezta ez dira heldu beharreko kategoria zurrunak. Gainera, sistema bitarraren baitan genero bakoitzari esleitzen dizkiogun ezaugarrien gehiengo batek ez dauka biologiarekin zerikusirik, kulturarekin baizik. Oroitu dezagun Simone de Beauvoir bere esaldi honekin “emakume ez da jaiotzen, izatera iristen da”. Ez gara jaiotzen ez emakume, ez gizon, ez sistema hau inposatzen saiatzen den beste inolako dikotomiarik. Identitatea eraiki egiten da. Batzuetan gure aukerekin, besteetan, besteen aukerekin, baina batez ere, estruktura sozialaren presioarekin, elkar ulertzeko erabiltzen ditugun eta normalizatzen gaituzten kategoriekin.
Baina, orduan, zer da emakume izatea? Errol kultural bat baldin bada eta nik ez baldin badut bertan enkaxatzen, zer arazo dago nik nire identitatea eraikitzearekin? Eta errol bat baldin bada, ez ginateke guztiok askeago izango suntsituko bagenu? Pertsonak etiketa faltsuez definitzeari utziko bagenio? Etiketarik ez jartzeko gai izango ginateke? Gizakiak modu natural batean egiten duen zerbait da, ikusten duena sailkatzen du eta modu honetan errealitatea ezagutzen du. Baina ez da gauza bera animalien edo zuhaitzen espezieak kategorizatzea edo pertsonak kategorizatzea. Eta are gutxiago kategoria horiek botere eta diskriminazioa harremanak sortzeko balio dutenean.
Guztiok erabiltzen ditugu kategoriak, guztiok identifikatzen gara gureaz eta bestetik aldendu. Identitatea parte batean bereizketa honetan oinarritzen da eta baita gizakiaren taldean parte sentitzean. Arazoa ez da gure lekua eta tribua aurkitzea. Izaki sozialak gara, eta elkar behar gara. Arazoa, talde horiek zurrunak bihurtzen direnean agertzen da, kartzelak bailiran; gorrotoa eta biolentzia sortzeko erabiltzen direnean.
Gaur egun, ez zaigu honen adibiderik falta. Beste egunean metroan gurutzatu nituen nerabeak dira honen adibide. Beraien identitatea muturreko eskuinaren eta sistema zi heteropatriarkalaren ondorio zuzena dira. Diskurtso horiek, bestea etsaia den errealitateak sortzen dituzte, izan nerabe marrokiarra edo senegaldarra, izan pertsona trans bat edo arrazializatua. Beraien identitatea bestearekiko beldurrean eraikia dago, normatibo tasun zurrun batean eta desberdinarekiko gorrotoan.
Agian ezin daiteke generoa guztiz suntsitu, ezta gizarteak sorturiko desberdintasun eta kategoria guztiak ere. Baina, zer malgutzen baldin baditugu? Eta normatibo tasun itogarri batean ahokatzea beharrezkotzat hartzen ez baldin badugu? Eta guztiok eroso sentitu ahal izateko kategoria berriak irekitzen baldin baditugu? Biologia da kategorizatzearen ohitura hau erabiltzen den jakindurietako bat, eta bertan, ikusten ari dira, kategoriek ez dutela beti balio eta espazio berriak zabaldu beharra dagoela ez animaliekin ezta landareekin ahokatzen ez duten bizidunentzat. Naturan hau ematen baldin bada, bertan kategoriak malguak baldin badira, eta burua etiketak bi pentsatzeko besteko zabalik edukiz gero, arrazoi gehiagorekin egin beharko genuke pertsonentzat. Badaude kulturak, okzidentearen eta kristautasunaren aurretikoak, bost genero arte onartzen zituztenak. Zergatik ixten gara sistema dikotomiko batetara? Sistema honek ez du soilik guztia bi kategoria edo kontzeptutan banatzen, baizik eta, bat bestearen gainetik jartzen du. Gizona emakumearen gainetik, zuria beste edozein pertsona arrazializaturen gainetik, normala kontsideratzen den funtzionalitatea daukan pertsona, anitza kontsideratzen den funtzionalitatea daukanaren gainetik, heteroa, bere harreman afektibo-sexualetan aniztasuna onartzen duenaren gainetik. Ez zaigu soilik sistema bitar baten giltzaperatu, baizik eta, gainera, sistema hau botere harreman konstanteetan oinarritzen da.
Kartzela honen aurrean, pertsonak etengabe behatu eta normatik ateratzen badira zigortzearen aurrean, desobeditzeak badu bere lekua, kategoriak zabaldu eta malgutzeak, alegia. Harreman anarkia aukeratzerik badago. Nola desiratu behar dugun, gure identitatearekin nola sentitu behar garen, gure gorputzarekin edo sexualitatearekin, hau da nola bizi behar garen esaten digun normatibotasun zurruna albo batera utzi eta honen ordez, guztiok sar gaitezkeen izaerak, sortu. Harreman anarkiak gure harremanak eta identitatean bizitzeko ikuspegi anarkista ezartzean datza. Anarkismoa anti autoritarioa da, botere harremanak sortzen dituzten jerarkiak ezabatzea bilatzen du. Sexuari, generoari eta sexualitateari buruzko kategoriek, gizarte honetan botere harremanetara eta jerarkietara eramaten gaituzte, eta hauek, nerabe batzuk nitaz barre egin eta burlatzea legitimatzen dute. Hautsi ditzagun jerarkia horiek.
Anarquia relacional liburuko zita batekin emango diot bukaera, alegia, Roma de las Heras, Beatriz Herzog y Belo C. Atance: “(Harremanetako anarkia) zalantzan jartzen du binkulatzeko, elkarbizitzarako eta besteak beste, familiak eratzeko modu “naturalago” batzuk badaudela beste batzuk baino eta aukeren mapa zabaltzen du: arau sozialena (mundu guztiarentzat modu bakarra eskaintzen duena) autogestiora (gu bizi gara, guk aukeratzen dugu). Autonomia irabaztea bilatzen du binkulatzeko moduetan, eta gure eguneroko bizitzako egoera desberdinen aurrean nola nabigatu hausnartzen du”.
Ideia hau harremanez gain, gure bizitza osora aplikatzen baldin badugu, non geratzen da bazterkeria? Non identitate desberdinen arazoak? Agian ez dakit ziurtasunez nire identitatea zein den, baina jakin badakit mundu bat nahi dudala non ez daukadan zertan jasan nerabe batzuek niri barre egitea, beraien irizpideetara egokitzen ez naizelako, eta non benetan erabaki dezakedan nola jantziko naizen, nola desiratuko dudan, nola binkulatuko naizen eta nola biziko naizen.