noticias-beldur-barik-libre-jarrera

Zer da Beldur Barik jarrera?

Beldur Barik programaren barruan egiten ditugun jarduera guztien artean, bideo-lehiaketa da parte-hartzaileena eta ospetsuena. Urtero, milaka gazte elkartzen dira lehiaketan parte hartzeko eta beren lanak bidaltzeko, eta, bide batez, gizarte osoari erakusteko zein jarrera eta konpromiso duten inguratzen gaituen indarkeria matxistaren aurrean. Baina zer da BB jarrera? BB jarrera ez da soilik mikromatxismoez eta gure inguruan bizi, erabili eta ikusten dugun indarkeria matxistaz ohartzea; BB jarrera da, halaber, jarrera eta jokabide matxista horiek urratzea eta horiei aurre egitea, indarrean dagoen kultura patriarkalari buelta ematen saiatuz. Zer egiten dugu ikaskide batek barreak eta komentarioak jasotzen dituenean, depilatu ez delako edo lodi dagoelako? Zerbait esaten diegu gure aurrean txiste matxistak eta errespeturik gabeak kontatzen dituztenei? Nola jokatzen dugu mutil bat neska batekin baboso bat bezala ligatzen saiatzen ari denean festa astun batean? Zenbat aldiz egiten dute gure amek lan gehiena etxean? Gazteen egunerokotasunaren parte diren egoerak dira, eta, horregatik, ahalduntzeko eta kontzientzia hartzeko prozesu horretan gazteak dira protagonista. Gorputzez eta horien onarpenaz eta edertasunaz ari gara, sexualitate askeaz, maitasunaz, indarkeria sexistei aurre egiteko estrategiez, eta, azken finean, berdintasunaren beharraz. Zer tresna ditugu gazteok egoera horri aurre egiteko? Horixe da, hain zuzen ere, lehiaketaren helburua: neska eta mutil gazteok egoera bidegabeen eta indarkeria matxistaren aurrean nola jokatzen dugun erakustea. Erakutsi BeldurBarik jarrera eta parte hartu!