Beldur Barik lehiaketako lan irabazleek maskulinitate toxikoa, desberdintasun mediatikoa eta genero-rolak salatu dituzte

Beldur Barik 2025 Topaketa egin da gaur Derion, eta bertan Beldur Barik Lehiaketako eta Txorierriko mankomunitateko lehiaketako sariak banatu dira. Lehiaketan Euskadi osoko gazteek parte hartu dute, eta 300 lan baino gehiago bidali dituzte. Hala ere, saritutako bideoak Bilbo, Irun, Portugalete, Oñati, Derio eta Donostiatik iritsi dira.

Beldur Barik topaketa Emakundek eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiek sustatu dute, EUDELekin batera. Oraingoan, Txorierriko Mankomunitateak eta Derioko Udalak parte hartu dute antolakuntzan.

Gazteak Derioko Kultur Birikan bildu dira arratsaldeko 16:00etatik aurrera, eta hainbat tailerretan parte hartu dute: Patata Tropikala antzerki laborategiko “Eta hala ez bazan?” antzerki tailerrean; “Ez da txantxa” maskulinitate berrien tailerrean, Jon López Corcheroren eskutik; eta #BBJ ahalduntze tailerrean, Kabia eta Parean elkarteen eskutik.

Ondoren, Sünek Kultur Birika girotu du Milaka Lore eta Kantauri abestiekin. Emanaldiaren ostean, Ekhiñe Atorrasagasti kazetariak eta Estibaliz Pescador idazle deriotarrak gidatu dute sari banaketa.

SARITUTAKO LANAK

Ikus-entzunezko lan onenaren saria Donostiako AEG ikastetxeko Patroigintza eta Modako 2. mailako ikasleei eman zaie, KAHTARSI bideoagatik. Epaimahaiak bideoa aukeratu du desberdintasun mediatikoa modu ezin hobean salatzeagatik: “gizonak beren ibilbideagatik baloratzen diren bitartean, emakumeen balorazioa askotan beren bizitza pertsonalera eta itxurara murrizten da.”

12-16 urtekoen kategorian hiru sari banatu dira. Krisalida bideoak banakako saria irabazi du. Lanaren sortzaileak, Irungoak, transexualitatearen gaia ausardiaz jorratzen du bideoan. Aipamen bereziaren saria KALEWINAKek jaso du, IES Zunzunegui BHItik. Beren bideoan oso modu original eta dibertigarrian islatu dute estereotiporik eta rolik gabeko mundu berri bat. Kategoriako lehen saria, taldean egindako lanena, YOUTUBER TOXIKOAK Urretxindorra Ikastolako ikasleek sortutako lanarentzat izan da. Bideoan, maskulinotasun toxikoa sustatzen duten youtuberreek gazteengan izan dezaketen eragina islatzen da.

Taldekako saria 17 eta 20 urte bitartekoen kategorian Zu… Aldatzeko prest zaude? Bideoan, Oñati Institutuko Lanbide Heziketako ikasleek espazio maskulinizatuen okupazioaren eta maskulinotasun berrien aldeko apustua egiten dute. Herri bozkaren bitartez ematen den saria eman gabe geratu da.

Topaketan lurralde osoko ehun gazte inguruk parte hartu dute.